2020-04-23

GURASOENTZAKO AHOLKUAK III


2020ko apirilaren 21a
Guraso estimatuok:

Oporretatik bueltan, hemen gara elkarrekin berriro.

Etxeratze-aginduak bere horretan jarraitzen. Hori dela eta, zuen seme/alabek etxean jarraitu beharko dute garatzen euren hezkuntza prozesua. Orain arte bezala, geuk jarraituko dugu prozesua gidatzen, baina jakin badakizue zuen sema/alabek zuen beharrean direla une berezi hauetan.

Konfinamenduak jarraitzen du. Gaurkoa egun bat gehiago eta egun bakoitzak aurreko guztien eragina du, eta nekea eta nahigabea gero eta handiagoak dira. Guztiz ulerkorra! Halere, aurrera begiratu eta aurrera egin beharra dugu. Besterik ez dago, besterik ez dugu! Hori dela eta, zuen seme/alaben ongizatea eta hezkuntza prozesua bermatu nahirik, zuekin, elkarrekin, elkarreraginean jarraitu beharra dugu. Horregatik, zuekin ere, ondorengo orientabideak partekatu nahi ditugu:

1.-Jarraitu zuen seme/alabak goxatzen, babesten, zaintzen, lehengoaren ildotik, orain arte bezala, beti bezala, baina inoiz baino gehiago.
Zuekin hitz egin eta gero, seme/alabak, neska/mutilak, aspertuta, kezkatuta, urduri, nahigabeturik sumatzen dituzue. Ez da gutxiagorako egoera! Horregatik, zuen beharra inoiz baino gehiago behar dute. Jarraitu beraiengandik hurbil egoten eta izaten, begiratu elkarri, elkarri entzun, elkarrekin hitz egin, elkarrentzako denbora izan, eta eskatuz gero azaldu egoera era ulerkorrean.

2.- Nahiz eta kritikoak izan zuen aldetik, ikus dezatela zuen seme/alabek zuengan erregulazioa eta zaintza. Zuengandik ikas dezatela zer egin eta aurre nola egin! Zaindu hizkuntza eta jokabideak. Dena entzuten dute, dena ikusten dute, denak eragiten die. Egoerari aurre egiten diozuela, egoera aguantatzen duzuela, egoera kontrolatzen duzuela. Zuek hala ikusiz, ikasiko dute. Zuengandik ikasten dute eta egoera honetan zuek zarete euren erreferente nagusia, eurek behar duten ispilua. Beraz, zuen familiagatik, zaindu, erregulatu.

3.- Animatu seme/alabak. Goxo hitz egin, irribarretsu. Egoerak ez du laguntzen, baina zuek eta gu, bakoitzak bere etxean, bere familian, manten genezake eta mantendu behar ditugu bizirik umorea eta ongizate maila. Guk egin genezake, guri dagokigu eta gure beharrean dira.

4.- Jarraitu egunaren antolamenduarekin. Eguna antolatu, antolamendua sistematizatu. Etxean diren guztien beharrak kontuan hartuta, guztien ongizate onenerako antolamenduaren alde egin : ze, noiz, non eta norekin egin zehaztu eta antolatu. Antolamenduak, denbora betetzeaz gain, ohikotasuna eta ziurtasuna dakarkie. Mesederako baino ez da.

5.- Jarraitu, egunero, errutinak gordetzen : garai berdinean oheratzen eta jaikitzen, garai berdinean gosaltzen, bazkaltzen, meriendatzen eta afaltzen; garai berdinean lanak egiten, e.a. Errutina, ohikoa, hemen ere ziurtasuna baino ez dakarkie.

6.- Jarraitu egiten familiako jarduerak, elkarrekin. Nahiz eta etxe guztia dagoeneko garbia izan eta hamaika plater prestatu, jarraitu, jarraitu, jarraitu janaria prestatzen, etxeko konponketak elkarrekin egiten, garbitzen, eta abar. Ardurak banatzeko, ardurak betetzeko une aproposak gerta litezke.

7.- Ardurak banatzeaz gain, jarraitu ohiturak mantentzen : erabilitakoak erabili ondoren bere tokira jasotzea, ondo jasotzea, ondo erabiltzea, buru-belarri aritzea edozein lan eta jardueratan, garbitzeko arropa bere lekura eramatea, gela jasotzea, gauza bakoitza bere lekuan gordetzea eta mantentzea, egun onak eta kortesiazko beste formulak erabiltzea, eskerrak ematea, mesedez eskatzea, laguntzea, pozez laguntzea, besteez arduratzea, … Beti. Sistematikoki. Ohitura onak, onerako baino ez dira. Ohitura onek bizitza errazago egiten dute. Eta eguneko ekintza asko ohiturek betetzen dituzte.
8.-Jolas egin, jolas egin, jolas egin eta ondo pasa. Disfrutatu. Erronkak burutu. Farre egin. Lorpenak ospatu. Ospatu! Une aproposak ditugu horretarako eta une horiek izaten dira , ondo gordeta, beti geratzen direnak. Atera etxean dituzuen jolasak: kartak, partxisa, damak, ikusi-makusi, gurutzegramak, sudokua, nor da nor, asmatu hitza, hiru marran, puzzleak,…

9-Elkarrekin telebista ikusi, ipuinak entzun. Zer ona den! Baina zer ona den ere elkarrekin albisteak ikustea eta munduan zer gertatzen den ikusteaz gain, zuen ahotik argibideak entzutea, ulertzea, gertakizunen garrantziaz jabetzea eta bilakaera aurreikustea. Zuengan duten konfiantzak ematen die balioa zuen hitzei eta zuen hitzek, berriz, zuenganako konfiantza areagotu baino ez dute egiten.

10.-Euren eskola-lanetan, laguntza beharra izanez gero, lagundu. Tarteka beharko dute, baina hortik aurrera, elkarrekin, jarrai dezagun ardurak ematen, euren lanen ardura ematen, seme/alaba autonomoak egiten, urrats berriak ematen. Horrela prestatuko ditugu mundurako. Horretarako :
·       euren lanaren arduradun egin, hasi eta amaitu arteko jarraitu dezatela lan egiten,
·       egin beharrekoa bete dezatela,
·       zalantzak galde ditzatela,
·       etenik gabeko denbora egokiak manten ditzatela,
·       lana ondo egiteko jarrera izan dezatela.

11.- Eman eta izan denbora ekintza desberdinetarako: etxean elkarren artean egiteko ardurak hartuz, eskolako lanak egiteko, musika-eskolan badabil musika-kontuak eguneratzeko eta entsaiatzeko, zaletasunak lantzeko, eremu berriak frogatzeko (marraztea, margotzea, idaztea, irakurtzeko, komikiak egitea, gailuak asmatzea, ….).

12.- Suspertu irakurzaletasuna. Egunero irakur dezatela : patxadaz, gozatuz, disfrutatuz, gogoz, lasai, buru-belarri, bakarrik ala lagunduta, proposatutakoa eta eurek aukeratutakoa. Hori baino hoberik, gauza gutxi. Hartu denbora horretarako. Eman denbora egunean zehar. Eta gogoratu, horretarako adibide onenak eta egokienak zeuek zaretela. Zer ikusi hura ikasi!

13.-Gogoan izan egoera honetan ere, hezkuntza prozesua egunerokotasunak oinarritzen, sendotzen eta eraikitzen duela. Egunerokotasunak, egunerokoak, egunerokoa betetzea eta egitea, ondo betetzea eta egitea , ondo oinarritzen du bizitza eta zuen seme/alaben hezkuntza prozesua. Prozesu handiak, bide luzeak, bizitza, egunez egun egin eta bizitzen ditugu. Beraz, dakizuna berriro gogoratu : atzoko bidetik gaur artera, eta bihar ere gaurko bidetik aurrera.

14 .-Eskerrik asko gurekin batera aritzeagatik, gure lana indartzeagatik eta gure alde egiteagatik. Beti esan dizuegun bezala zuen seme/alaben hezkuntza zuen, gure eta zuen seme/alaben, guztion, kontua da. Elkarrekin arituz bakarrik berma genezake hezkuntza prozesu hobea eta emaitza hobeak.

15.- Azken finean, eskerrik asko guztiagatik:
·       zuen umorea, alaitasuna eta itxaropena mantentzeagatik eskerrik asko;
·       lankidetzagatik eskerrik asko;
·       eskaintzen dizkiguzuen ideia guztiengatik eskerrik asko;
·       gure lana hobetzen laguntzeagatik eskerrik asko;
·       zuen konpromisoagatik eskerrik asko;
·       zuen eskuzabaltasunagatik eskerrik asko; eta
·       gurekin izateagatik, gure ondoan izateagatik orain ere, ESKERRIK ASKO.

16.- Eta azkenik, jakizue, gertu gaituzuela, zuekin, zuen seme/alaben alde egiteko eta zuen seme/alabek ahalik eta hezkuntza egokiena izan dezaten elkarrekin lan egiten jarraitzeko, zuen seme/alaben hezkuntza prozesuan bidelagun izateko.

Beti bezala ESKERTURIK eta ELKARREKIN, ELKAR LANEAN jarraitzeko prest.

Antton, Eneritz, Eli, Mertxe, Zaine, Isabel, Naroa, Alvaro, Leire, Maialen, Jaione, Joseba, Miren, Lierni, Anttoni,  Marian eta Miryam

1 iruzkin:

Unknown erabiltzaileak esan du...

Denok elkarrekin bidaia ezberdin honetan. Barne bidaia bat ere bada, ezta?
Mezu eder eta eskergarria, benetan.
Zuei ere berdin, irakasleak. Zuen onena ematen ari zarete, beti bezala!!