Maiatzak 15ean 5 eta 6. mailako ikasleak egun-pasako txango bat egin dugu gure herriko auzo eta mendiak ezagutzeko asmoarekin.
Ibilbidea Etumetan hasi dugu. Horretarako, ezinbestekoa izan dugu gurasoen laguntza gu denok bertaratu ahal izateko.
Abieran, Etumetatik, Txillarramendi azpi bailara ikusi dugu, Zinatz errekaren zuloarekin batera. Txilarramendi gainean Sañu mendia bereizi dugu.
Handik, errepidez, Erdoiztako bidegurutzeraino joan gara. Bertan, Erdoizta bailara aldera begira egon gara. Beste aldera begiratuta, Pagoeta mendia eta Santa Engrazi baseliza ikusi ditugu, baita urrutirago dagoen Zumaiako herria.
Bidegurutzean abiatzen den pista hartu eta Txoondei mendiraino igo gara. Bertan ganadu asko zegoen. Mendibeltz eta Gatzume aldera begiratuta, igo behar genuen aldapa gogorra ikusi dugu. Mendi horiez gain Indo, Ezurtza eta Bearri re ikusi ditugu. Baita Urraki, hau eskuinean urruti dagoelarik.
Txoondei menditik Komisolatza mendatera jaitsi eta bertan taldearen argazkitxo bat atera dugu. Erdoiz-tako San Isidro baseliza borobila ikusi dugu. San Isidro eguna izanik, beranduxeago festak izango zirela pentsatu dugu.
Pazientzia handiz Mendibeltz aldera doan aldapa igotzen hasi gara eta Indo mendi parera iritsi garenean, bidetik atera eta zuhaitz azpian hamaiketako ederra hartu dugu. Gero Indo mendiaren tontorrera joan eta hainbat aldeetara begira egon gara. Alde batera, Erdoizta eta Beama azpi bailarak ikusi ditugu, Iturriotzeraino luzatzen dena. Beste aldera begiratuta, Askuen errekaren zuloa, Añua mendia, Sañu, ... eta urrutirago begiratuta, Loiola, Azkoitia, Anboto, Gorbea, ...
Berriro indarrez bete eta Mendibeltz aldera doan aldapari ekin diogu. Lasai - lasai iritsi gara gora eta han Ezurtza inguruko basoa eta belazeak ikusi ditugu. Puntu honetan, ezkerretara hartu eta Mendibeltzeraino igo gara. Tontor honetatik Erdoizta eta Beamaz gain, Granada errekaren ( Altzolaras ) ibilbide gehiena ikusten zen. Errezil herriaren aldera begiratuta, Letea, Ezama eta Ibarbi auzoen zatiak ikusi ditugu. Baita Errezilgo bailara inguratzen duten hainbat mendi ere: Ekaingaina, Akutu, Labarrita, Tonpordo, Armoia, Urraki, Menditxiki eta Mutxategi.
Mendibeltzetik Gatzumeraino joan gara. Han beste argazkitxo bat atera dugu. Hemengo ikuspegiak ere izugarriak dira! Elurtuta zeuden Pirinioak ere ikusi ditugu.
Gatzumetik jaitsi eta Azpeititik Zelatunera doan bide aldera joan gara. Bidean minazulo bat ikusteko aukera izan dugu. Ekainean minak eta labeak ikusteko asmotan gara.
Ordubiak eta laurdenak aldera Zelatunera iritsi gara. Erniora igotzeko berandu zen eta bertan lasai - lasai bazkaldu eta jolastea pentsatu dugu. Sutegiko Maria Jesusek txabola kanpoko mahaian bazkaltzeko esan digu, haizetik babesean. Gainera, gero pasta batzuk ere oparitu dizkigu. A zer paotxa!
Hirurak aldera eskolarantz abiatu gara, Odritik Zelatun erreka ondotik jaisten den bidetik. Otegitxo parera iritsi garenean, argazki bat ateradugu, Errezil herria atzean genuelarik.
Egun ederra, alajaina!