EGITARAUA OSATUTA ETA ANTOLAKUNTZA PREST, GIPUZKOAKO ESKOLA TXIKIEN JAIA OSPATZEKO
2022ko ekainaren 12an ospatuko da eskola txikien jaia, aurtengoan, Errezilen. 2021eko ekainean Aizarnako eskolak emandako lekukoari jarraiki, 34. Eskola txikien jaiaren egitaraua osatu berri dute Errezilgo herritarrek, eta horren aurkezpena egin da, besteak beste, Gipuzkoako eskola txikietako ordezkari ezberdinen babesarekin.
Izan ere, herriko gurasoen ordezkaritza, ikasleena eta irakasleenaz gain, Gipuzkoako eskola txikietako ordezkaritza eta BAIKARA elkartearena ere izan dira, gaur, herriko eskolako patioan izan den prentsaurrekoan.
‘Eskola Txikiak Bizirik’ leloarekin jarraitzen da urterik urte jaia antolatzen, eta Errezilen, bigarren aldiz ospatuko da jai hau, 1995ean gauzatu baitzen lehen aldiz.
Eskola Txikietako herrien arteko elkargunerako festa eguna izan ohi da hau. Eskola Txikien komunitatea elkartuz, eskola berezitu diren herri nahiz auzoen biziraupena ospatzeko jaia egiten da. Eskola txikiak herri nahiz auzoetan izateak dakartzan onurak azpimarratzen dira, hezkuntza saretzeak duen garrantzia aldarrikatuz, horretan elkarrekin jarraitzeko dagoen konpromisoa berresten da. Ikasle, irakasle, guraso eta herritarren arteko loturak eta harreman positiboak indartzea izan ohi da helburua.
Jaiaren ospakizunak antolakuntza lana eskatzen du. Iazko ekainean egin zen, Errezilen, herritar guztientzako antolakuntza deia, eta ordutik hona, lanean aritu dira talde ezberdinetan banatuta. Lana eta ekarpen ekonomikoa ere beharrezko izaten dira horrelako ekintzetan, eta horretan, gogora ekarri dira enpresa edota erakunde publiko nahiz pribatuen diru-laguntza edo ekarpenak.
Eskola Txikien jaia egun batez ospatzen bada ere, ikasturtean zehar egindako bideak badu zer esana. Eskola txikien sareak antolatuta, martxoaren 26an egin ziren eskola-jantokiei buruzko jardunaldiak. Jantoki ereduez eta elikadura sistemaz aritu ziren solasean.
Ikasturte osoan zehar, berriz, jaiaren antolakuntzan ibili da Errezilgo hezkuntza komunitatea. Gipuzkoako eskola txikien arteko hartu-emana sustatzeko proposamen didaktikoak egin dira San Martin eskolatik gainerako eskoletara, eta proiektuaren emaitza gisa, kartel erakusketa eta “elkar ezagutuz” txapelketa egingo dira jai egunean. Errezilgo Lehen Hezkuntzako 5.-6. mailako ikasleek, berriz, Maria Dolores Agirre (Errezil, 1903-Donostia, 1997) euskal idazle, itzultzaile, irrati esatari eta euskara irakaslea ezagutzeko proiektuan murgildu dira. Egunean bertan, bere biografian oinarritutako antzerkia aurkeztuko dute bertara doazen guztientzat.
Lankidetza eta
auzolana azpimarratu dira prentsaurrekora gerturatu diren kideen ahotan. Oihana Trula Errezilgo Toki Alai guraso elkarteko
ordezkariak halaxe esan du: “Herri lana.
Auzolana gailendu da
ikasturte osoan zehar,
gure artean. Eta
pozik gaude egindako bidearekin. Pozik eta esker oneko, gainera, Gipuzkoako eskola txikietako
irakasle, ikasle eta gurasoengandik
ere jaso dugun erantzun bikainarengatik ere”.
Bide beretik jarraitu du Gipuzkoako eskola txikien irakasleen ordezkari Irati Manzisidorrek: “Gaurkoan azpimarratu nahiko nukeen elementuetako bat elkarlanarena da. Azken bi urteetan bizi izan dugunak pertsonon arteko distantziak handitu eta zenbait kasutan harremanak hoztu eta gaiztotu ditu. Baina hezkuntzak erronka ugari eta handiak ditu aurrean, eta hauei modu egokian erantzuteko bertan eragiten dugun kideok elkarrekin egin behar dugu lan: familiak, herritarrak, udaletako ordezkariak, eskola ezberdinak, administrazioa… Asko dugu elkarri emateko, elkarrengandik ikasteko, elkartu gaitezen bada”.
Ukaezina da Eskola txikiek herri nahiz auzo txikietan duten garrantzia eta eragin positiboa. Ibilbide luzea du Errezilgo eskolak. eta horixe gogoan egin du Miryam Urrutibeaskoak, San Martin eskolako zuzendariak, ekarpena: “Gaur egunean herrigunean badago ere, gure herritarrek gogoan dute auzoz auzo antolatuta zegoen eskola sarea: auzo eskolak ziren orduan”, eta herrigunean eraikin berria egin zen 1995an.
Eskola txikietan ezagun den moduan, San Martin Herri eskolak ere eskola txikien ezaugarriak ditu. 54 ikasle daude une honetan: 19 Haur Hezkuntzan eta 35 Lehen Hezkuntzan. “Eskola publikoa da. Zerbitzu publikoa ematen du, aukera berdintasuna eta inklusibotasuna bultzatzen ditu; hurbiltasuna, aniztasuna eta kohesio soziala erdigunean jarri nahi dituena da San Martin eskola” adierazi du ikastetxeko zuzendariak.
Hala, herri eskola kontzeptua egin eta berreginez dihardute egunez egun, iraganaren erroak gogoan izanik. “Guztion eskola” da, diote. Eskolan parte hartzen dugun guztion arteko harremana bilatzen duena.
Amaitzeko, ekainaren 12an izango den jaiaren egitarauaren berri eman du Oihana Trula Toki Alai guraso elkarteko ordezkariak eta egunari lotutako bi zehaztapen ere egin ditu bertara joango denarentzat: Errezilen herrigunea oso txikia denez, aparkalekuak bi tokitan prestatu dira (Bidania-Goiazko industrialdean, Tolosaldetik doazenentzat; Domusa Teknik enpresako aparkalekuan, Azpeitia aldetik doazenentzat), eta autobus zerbitzua joan-etorrian ibiliko da goizeko 9etatik iluntzeko 9ak arte.
Horrez gain, herrian bertan KONTSIGNA bat prestatu da bertara datorrenak modu seguruan gordeta izan ditzan motxilak, jantziak edo dena delako trasteak.
Egun haundia gero eta gertuago ikusten duten eskolako ikasle Eihari Agirretxe eta Mikel Zabala pozik eta urduri agertu dira, eta eskola txikietako guraso, irakasle eta ikasle guzti-guztiak gonbidatu dituzte herrira: “Ez dago ez aspertzeko aitzakiarik, beraz, animatu eta etorri Errezilera hurrengo igandean, ekainaren 12an” adierazi dute.
2022ko jaiaren ondoren, Lizartzak helduko dio eskola txikietako jaien ardurari eta festaren harrera ekitaldian egingo da lekuko aldaketa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina