2020-05-29

AZKEN HIRUHILEKOAREN EBALUAZIOA



Errezilen, 2020ko maiatzaren 26an
Familia estimatuak:

Bi hilabete pasatxo dira etxetik ikasten ari garela, eta lehenik eta behin, eskerrak eman beharrean gara, bai zuek bai zuen seme-alabak egunez egun egiten ari zareten ahalegin eta lanarengatik. Izan ere, orain inoiz baino gehiago, ezinbesteko dugu zuen lankidetza gure ikasleek aurrera egin dezaten beren hezkuntza ibilbidean.

Era berean, 2019-2020 ikasturteko azken hilabetea gainean dugu, eta egindako lanaren ebaluazioa egiteko garaia heldu zaigu. Gure lan egiteko era aldatu egin da, helburuak eta edukiak egokitu egin behar izan ditugu, eta, jakina, ebaluazioren inguruan ere egokitzapenak egin beharrean gaude. Horrela, irakasle-taldea elkartu eta hurrengo erabakiak hartu ditugu:

Haur Hezkuntzako ikasleak ebaluatzeko ezinbestekoa zaigu ikasleak aurrean izatea, izan ere, eguneroko jardunean ikusten baitugu umearen garapena. Momentu honetan hori ezinezkoa zaigunez, ikasle horiek datorren ikasturte hasieran ebaluatzea erabaki dugu.

Hala eta guztiz ere, zuekin bildu nahi dugu ekainaren erdi aldera, etxean ikusi eta bizi izan duzuenaz hitz egiteko, informazio hori baliagarria zaigu eta.
5 urtekoek HHko etapa amaituko dutenez, ekainean horiei bakarrik egingo zaie txosten idatzia.

LH1-2koei ebaluazio integratu edo osagarria egitea erabaki da, hau da 1. eta 2.hiruhilekoetan egindako lana izango da oinarri nagusia, eta 3. hiruhilekoan egindako lana kalifikazioa igotzeko edo bere horretan uzteko  izango  da.

Adostutako datetan elkarrizketak egingo ditugu zuekin, zuen seme-alaben inguruko informazioa jasotze aldera, eta horren arabera umeen txosten idatzia bidaliko dizuegu korreoz, zuengandik jasotako informazioa ezinbestekoa izango dugulako txosten egoki bat idazteko.

Beste aldetik, LH3-4 eta LH5-6ko taldeetan ebaluazio bereizia egingo da. Izan ere, arlo instrumentaletan batez ere, curriculumeko eduki berriak lantzen aritu gara eta egaindako lanaren ebidentzia ugari ditugu hiruhileko honetako lana ebaluatzeko. Hori bai, lanarekiko ikasleen jarrera eta prestutasunak, bideodeietan izan duten partehartzeak izango dute pisurik handiena azken hiruhileko honetako kalifikazioan. Azken ebaluazio hau saritzeko edota aurreko hiruhilekoetako noten batezbestekoa bere horretan mantentzeko izango da, eta inoiz ez zigortzeko, jakina.

Talde hauetako tutoreak ere harremanetan jarriko dira zuekin ekainean zehar banan-banako bilerak egiteko; elkarrizketa horietan zuengandik jasotako informazioa oso garrantzitsua izango da zuen seme-alaben txostenak osatzeko.

Gainera, era bateko edo besteko ebaluazioa egin, tutoreekin egingo dituzuen bilera horietan zehatz mehatz azalduko zaizue arloz arlo zer landu dugun eta nola ebaluatu ditugun zuen seme-alabak. 

Bukatzeko, lasaitasun mezua zabaldu nahi dizuegu datorren ikasturteari dagokionez; izan ere, ikasleek irailean duten oinarrira egokituko gara eta  horixe izango dugu abiapuntu lanean hasteko. Hasierako hilabetea errepaso eta errefortzuari ekingo diogu, eta hortik aurrera curriculumean aurrera egingo dugu.
Edozer dela eta, zalantzarik edo kezkarik bazenute, badakizue non gauden.
Besarkada handi bat,
Zuzendaritza-taldea

iruzkinik ez: